5.13. AMALen jasotako zerbitzuen eta prestazioen onuraduna izateko baldintzak betetzeari buruzko desadostasunak
5.13.1. Mendekotasun-egoeran zegoen eta kongregazio bereko beste lekaime baten zaintzen zuen lekaime baten kasua planteatu zitzaigun. Familia inguruneko zaintzetarako prestazio ekonomikoa (FIZPE) ukatu zitzaion, ahaidetasun-baldintza ez betetzeagatik.
AMALen 2. artikuluak profesionalak ez diren zainketei buruz egiten duen definizioa ("mendekotasun-egoeran dauden pertsonei etxean familiako edo inguruneko pertsonek emandako arreta, arreta profesionaleko zerbitzu bati lotua ez dagoena"); 615/2007 Errege Dekretuak, maiatzaren 11koak, zaintzaile ez profesionalen Gizarte Segurantza arautzen duenak, jasotzen duen salbuespenak ("... salbuespen gisa, inguruneko pertsona baten zainketa ez profesionalak jaso ahal izango dira, adierazitako ahaidetasun-maila izan ez arren, mendekotasun-egoeran dagoen pertsonaren udalerri berean edo ondoko batean bizi denarena, eta aurreko urtean zaindu duenarena."); beste arreta mota batzuk jasotzea eragozten duten kasuaren berariazko baldintzak (klausura-erregimena); eta gure ustez, komunitate mota horretan familia zibila bereizten duten elementu guztiak egotea direla eta, komenigarria litzateke irizpide hori malgutzea.
Iritzi horiek –Gipuzkoako Foru Aldundiari jakinarazi genizkionak– harrera ona izan zuten, eta 2009ko abuztuaren 4an, 25/2009 Foru Dekretua, uztailaren 21ekoa, AMALeko prestazio ekonomikoak arautzekoa, argitaratu zen. Foru Dekretu horren 14.d) artikuluan, ahaidetasun-baldintzatik salbuesten dira "erlijiosoek beren komunitateko beste kideei emandako zainketak".
Arabako eta Bizkaiko foru dekretuek ez dute egoera hori jasotzen, baina jakin dugu barne-jarraibide sendoen bidez artatzen dituztela, eta hori oso egokia dela uste dugu. Hala ere, behin eta berriz esaten dugu hobe litzatekeela, segurtasun juridikoko arrazoiengatik, ustezko kasu horiek dagokion araudian sartzea.
5.13.2. Euskal familia batean harreran zegoen saharar jatorriko adingabe batek mendekotasun-egoera aitortzea eska zezakeen kontsultatu ziguten.
AMALek bere 5.2. artikuluan estatu, autonomia eta nazioarte mailan indarrean dauden adingabeen legeei lotzen da, espainiar nazionalitatea ez duten adingabeentzat.
1989ko haurren eskubideei buruzko Nazio Batuen Hitzarmenak, 1/1996 Lege Organikoa, urtarrilaren 15ekoa, Adingabearen babes juridikoari buruzkoa, eta Euskal Legebiltzarraren 3/2005 Legea, otsailaren 18koa, haurrak eta nerabeak zaintzekoa eta babestekoa. Lege horiek ezartzen dute administrazio publikoek adingabearen interes gorenaren arabera jokatu behar dutela eta haurraren eskubideak babesten direla bermatu behar dutela, haurrari jatorri nazionaleko diskriminaziorik gabe garatzen utziz. Adingabearen interes gorenak beste edozein legezko interesen gainetik egon beharko du.
Betebehar horiek kontuan izan behar dira hauek interpretatzean: AMALen 5. artikulua eta gure erkidegoen hiru aldundiek mendekotasun-egoera aitortzetik eratorritako eskubideak erabili ahal izateko baldintzak arautzeko egin duten araudia.
Adingabeei aplikatzeko antolamendu juridikoak ezartzen du berdintasun-printzipioa adingabeen tratamenduan eta jatorri-arrazoiengatik diskriminazioa debekatzea[77].
AMALek haurrei eta nerabeei aplikatzeko araudiari buruz egiten duen oharrari esker, adingabearen aldeko interpretazioa egin daiteke. –hau da, "adingabearen interes gorena"– legezko egoera administratiboan 5 urtean bizitzen egon dela eragiten du desberdintasunik ez izatea adingabe atzerritarren eta adingabe nazionalen tratamenduaren artean.
Bestetik, 1/1996 Lege Organikoaren, urtarrilaren 15ekoaren, adingabeen babes juridikoari buruzkoaren, 10.3. artikuluak hau xedatzen du: "arrisku-egoeran edo administrazio publiko eskumendunaren babespean edo zaintzan dauden adingabe atzerritarrek osasun-laguntza eta gainerako zerbitzu publikoak eskuratzeko eskubidea dute, legez Espainian bizi ez arren".
Gure ustez, mendekotasun-egoeren aurreko babesa aginduak aipatzen dituen zerbitzu publikoen baitan sartzen da.
Iritzi horiek Bizkaiko Foru Aldundiari jakinarazi ondoren, aldundiak kasua barne-bideratzearen bidez artatu du, dagokion araudiaren aldaketa onartzen den bitartean.
5.13.3. Espainiar nazionalitateko hiru urteko haur baten amak hiru urte baino gehiago zeramatzan EAEn legez bizitzen. Haur horri FIZPE emateko eskaera ukatu zitzaion, Gipuzkoako Foru Aldundiak ulertzen baitzuen amari eskatu behar zitzaion legezko bizitegi-aldia bost urtekoa zela, AMALen 5.1.c) artikulua aplikatze aldera. Egiatan, amak duela bost urte baino gehiagotik bizi zen Gipuzkoan –baina ez legezkoa administrazio-egoeran–. Adingabeari III. gradua 2. mailako mendekotasuna aitortu zitzaion.
Gure ustez, kasu horretan, espainiar nazionalitateko adingabea izateagatik, 4/2000 Lege Organikoa, urtarrilaren 11koa, atzerritarren Espainian dituzten eskubideei eta askatasunei eta pertsona horien gizarteratzeari buruzkoa, ez aplikatzeak amaren legezko bost urteko bizialdia ziurtatzeko betekizunaren aldeko interpretazioa egiteko aukera ematen du, xede horretarako amaren bizialdia nahikotzat hartzeko zentzuan.
Espedientearen izapidetzean, amak espainiar nazionalitatea eskuratu du eta berriz FIZPE eskatu du. Gipuzkoako Foru Aldundiak berriz ere uko egin du, 5 urteko legezko bizitegi baimendua ziurtatu behar duela ulertzeagatik, espainiar nazionalitatea eskuratu duen kontuan hartu gabe. Foru-erakunde horri erabaki horrekin ados ez gaudela jakinarazi diogu, espainiar nazionalitatea eskuratu eta gero, ez baitzaio eskatu behar legezko administrazio-egoeran 5 urtean bizitzen egon dela ziurtatzeko, eta beste pertsona nazional batzuei ematen zaien tratu bera eman behar zaiela.
5.13.4. Beste kexa batean, galdetzen zitzaigun diskriminaziorik izan al zen mendekotasun-egoera aitortzea eskatzeko eskubidea eta aitortze horretatik eratorritako zerbitzuak eta prestazioak eskuratzeko eskubidea ukatu zitzaion adingabe atzerritar baten kasuan. Erabakiak legezko babesa zuen, adingabeak ez baitzuen betetzen atzerritarrei nahiz nazionalei eskatutako betekizuna, Espainiako lurraldean bost urtean bizi behar izatekoa –bost urte baino gutxiagoko adingabeen kasuan, zaintza eta babesa betetzen duenari eskatzen zaio bizialdi hori–. Beraz, ez zen hauteman diskriminaziorik.
Hori, ordea, ez da oztopo esateko behar bereziko kasuetan, eskuartean duguna bezalakoetan, beharrezkoa litzatekeela adingabearen interes gorenaren nagusitasunari arreta jarriz formulak egitea, mendekotasun-egoeraren babes eraginkorra eskaintzeko aukera emango zutena.
5.13.5. Portugaldar jatorriko pertsona bati, Espainian hogeita hamar urte baino gehiagoan lan egin zuenari, ukatu egin zitzaion Autonomiarako eta Menpekotasunari Arreta emateko Sistema erabiltzeko eskubidea, ez baitzuen ziurtatzen eskaera egin aurreko bi urteetan bertan bizi izan zela.
Komunitateko pertsona bat zenez, 4/2000 Legea ezin zitzaion aplikatu. Lege horrek[78] ezartzen du erregimen komunitarioko arauek, eta aldekoagoak izan daitezkeen alderdietan aurreko araudiak bakarrik, zuzentzen dituztela Europar Batasuneko estatu kideetako nazionalak.
Kasuari aplika dakiokeen araudiak, komunitateko herritarrei buruzkoak[79], ezartzen du[80] pertsona horiek edozein jarduera egiteko eskubidea dutela, besteren kontura edo norberaren kontura, zerbitzuak ematen edo ikasten, Espainiako biztanleriaren baldintza beretan, Europa Erkidegoa eratzeko Itunaren 39.4. artikuluan ezarritako mugari kalterik egin gabe.
Erregimen komunitarioko araudiak langileen zirkulazio askerako eskubidea ezartzen du. Hortik eratortzen da pertsona horiek gizarte-laguntza edo gizarte-prestazioak nazionalen baldintza beretan eskuratzeko eskubidea. Eskubide komunitarioak kanpo uzten du diskriminazio zuzen edo zeharkako oro eta prestazioak langilearen senideengana zabaltzen ditu (ezkontidea, 21 urte baino gutxiagoko ondorengoak edo bere kargura daudena)[81].
Europako komunitateen Auzitegi Judizialaren[82] dotrinaren arabera, besteren kontura lan egiten duten edo beren kontura lan egiten duten langileei edo estatu kide baten edo batzuen legediaren mendean egon diren langileei eta estatu kideetako bateko nazionalak direnei, eta beren familiei eta bizirik atera direnei aplikatzen zaie 1408/71 Erregelamendua. Araudi horrek bermatzen du estatu eskumendunaren kargura dagoela besteren kontura edo norberaren kontura lan egiten duten langileek eta beste estatu kide batean bizi diren langilearen senideek, beren estatuak laguntza behar duenean bizilekua den estatu kidearen lurraldean, eskubidea izango dutela gauzaz gaixotasun-prestazioak jasotzeko azken estatu kide horren erakundeak emandakoak[83]. Helburua da besteren konturako langileak eta bere kontura ari den langileak, bizitokia duen edo egonaldian dagoen estatu kidean, bere osasun-egoerari dagokion laguntza estatu kide horretako gizarte segurantzako sistemara afiliatutako pertsonekin berdintasun-baldintzetan jasotzeko aukera izango duela bermatzea. Beraz, araudi komunitarioak ez du babesten komunitatekoak diren biztanleek tratu desberdina izatea.
Portugaldar herritarraren kasuan, ez genuen antzeman tratu desberdina. Izan ere, Espainian bost urtean baino gehiagoan bizi izan zela ziurtatzen zuen arren, ez zuen egiaztatzen eskaera egin aurreko bi urteetan bertan bizitzen egon zenik, eta hori bete beharreko baldintza da, jatorria edozein izanda ere. Hori dela eta, jakinarazi genion bi urteko bizitokia bete arte itxaron behar zuela, AMALek aitortzen dituen eskubideen jabe izateko.
5.13.6. Bizkaiko Foru Aldundiak, FIZPEren dekretu arauemailea aplikatzeko, 93 urteko pertsona bati, mendekotasun-egoeran dagoenari (III. gradua 1. maila), prestazioa ukatzea ebatzi zuen, ahaidetasun-betekizuna ez betetzeagatik (hirugarren mailaraino) dekretu horretan ezarritako zaintzaile nagusiarekin.
Kasu horretan, oso baldintza bereziak zeuden: osaba-izebek beren lehen haurtzaroan hartu zuten mendeko-egoeran zegoen pertsona, eta seme bat gehiago balitz bezala zaindu zuten, izatezko egoera hori legez formalizatu gabe. Lehengusinarekin bizi izan zen bizitza osoan zehar, arreba bat balitz bezala, biak baserrian geratu baitziren. Izatezko arreba hil ondoren, alaba arduratzen zen osaba zuzentzat zuen gizon hartaz.
Foru-erabakia legezkotasunari atxikitzen zitzaion, formalki ahaideak baitziren laugarren graduan. Hala ere, ulertu genuen kasu horri artatzea justiziazkoa zela eta hala planteatu genuen Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean.
Foru-erakundeak jakinarazi zigun gure iritzi berekoa zela, eta aurreikusita zegoela kasu hori eta beste batzuk FIZPEren dekretu erregulatzaile berrian kontuan hartzea. Araudi berriaren onarpena atzeratzen ari zenez, eta pertsona oso zaharra zenez eta mendekotasun-maila handia zuenez, Gizarte Ekintzako Sailak instrukzio bat onartu zuen, kasu jakin hori artatzeko aukera eman zuena.
5.13.7. Pertsona bat mendekotasun-egoeran zegoen (III. gradua), eta ez zuen berarekin batera bizi eta zain zezaketen seniderik. Hori zela eta, familiakoa ez zen batek zaintzen zuen, eta berarekin batera bizi eta lan-harreman bat zuen.
Bizkaiko araudiaren arabera, ezin zuen FIZPE jaso, ez baitzegoen ahaidetasunik bien artean. Era berean, ezin zuen laguntza pertsonaleko prestazio ekonomikorik eskuratu, ez baitzuen lan- eta hezkuntza-jarduera bakar bat ere garatzen –Bizkaian betekizun hori eskatzen dute, prestazio hori emateko–. Une hartan,ohartarazi genuen egoera hori beste bi euskal lurralde historikotan artatu zela: Araban, orduan indarrean zegoen urriaren 23ko 70/2007 Foru Dekretuaren 7. artikulua aplikatzeagatik, eta Gipuzkoan, laguntza pertsonalerako prestazioa ematearen bidez.
5.13.8. Zuzeneko senide batek mendekotasun-egoeran zegoen pertsona bat zaintzen zuen. Berarekin batera bizi ez arren, etxetik metro gutxira bizi zen.
Lehen aipatutako arabar aginduak ustezko kasu hori jasotzen zuen. Hala ere, ez Gipuzkoan (mendeko handia izateagatik), ez eta Bizkaian ere, ez luke prestazioa jasotzeko eskubiderik izango.
5.13.9. Gipuzkoan bizi izan zen adineko bat Arabara joan zen bizitzera, semearen etxera, bere osasun-egoerak okerrera egin zuenean. II. graduko mendekotasun-egoera aitortu zitzaion eta FIZPE eskatu zuen. Arabako Foru Aldundiak ukatu egin zion, eskaera egin zuen unean, mendeko-egoeran zegoen pertsonak eta bere zaintzaileak ez baitzeramaten urte bat elkarrekin bizitzen (orduan indarrean zegoen urriaren 23ko 20/2007 Foru Dekretuaren, prestazio hori arautzen zuenaren, 7. artikuluaren 4. atalak eskatzen zuen betekizun hori).
Uztailaren 21eko 25/2009 Dekretuaren 51.b) artikulua aplikatzeagatik, ezin zuen prestazio hori eskuratu Gipuzkoan, jada ez baitzegoen han erroldatuta, eta ez baitzen han bizi. Hala ere, pertsona horrek prestazioa eskuratzeko oinarrizko betekizunak betetzen zituen: mendekotasun-gradua eta –maila eraginkorrak izatea eta zuzeneko senide batek etxean zaintzea.
AMALek (14.4. artikulua) ezartzen du beharrezkoa dela mendeko-egoeran dagoen pertsona eta zaintzailea elkarrekin bizitzea, eta 615/2007 Errege Dekretuak, maiatzaren 11koak (1.1. artikulua), zer ahaidetasun eskatu behar den adierazten du (ezkontideak edo odolkidetasunagatik ahaideak, ahaidetasuna edo adopzioa, hirugarren ahaidetasun-mailara arte), baina inolaz ere ez da ezartzen gutxieneko elkarbizitza-aldi bat, prestazio hori eskuratzeko eskubidea izateko.
Betekizun hori beste bi euskal lurraldeetan aztertuta, ikusi dugu bietako batean ere ez dela eskatzen antzinatasuna erroldatzean.
Hala, EAE barruko mugimenduetan, Bizkaira edo Gipuzkoara joaten den pertsonak prestazio hori berehala jaso dezake, eta Arabara joaten bada, berriz, urte bat itxaron beharko du jasotzeko.
Ez da egokia tratu desberdin hori izatezko egoera beraren aurrean, are gehiago kontuan izaten badugu, mendekotasun-egoeran dauden adinekoen kasuan, leku-aldatze horiek ohikoak direla, seme-alabek txandaka zaindu ditzaten.
Arabako Foru Aldundiko Gizarte Politikako Sailari adierazi genion gure kezka eta azaldutakoa balioestea ere eskatu genion, betekizun horren araudi-aldatzeko bultzatzeko xedez. Foru-erakundeak adierazi zuen gai hori aztertuko zuela. Hala ere, dekretu berriak eskatzen du zaintzaile ez-profesionala prestazioaren onuradunaren etxe berean erroldatuta egotea eta bizileku eraginkorra bertan izatea, gutxienez urte bat aurretik (kasu horretan, BAP egiteko datan -jada, ez eskaeran). Aldundiari berriz eskatu diogu betekizun hori kentzeko.
5.13.10. Kexaren bultzatzaileari laguntza pertsonalerako prestazio ekonomikoa jasotzeko eskubidea kendu zitzaion, koinata, senarraren arreba, kontratatu zuenean, eta hala, legez kontra jasotako prestazioak itzultzeko prozedura bat hasi zen.
Gipuzkoako Foru Aldundiak ondo aplikatu zuen bere araudia, zehazki uztailaren 21eko 25/2009 Foru Dekretuaren, prestazio horren erregulatzailearen, 16. artikulua. Artikuluak betekizun bezala ezartzen du laguntzaile pertsonalak familia-harremanik ez izatea onuradunarekin (odolkidetasunatiko, senidetasunagatiko edo adopzioagatiko laugarren ahaidetasun-mailatik aurrera harremanik ez dagoela ulertuz).
Hala ere, foru-erakundeari iritzi multzo bat helarazi genion, betekizun hori kentzea sustatzeko, faboratzen zuen bazterketak legezko babesik ez zuela ulertzeagatik (ez da jasotzen AMALen epigrafe bakar batean, ez eta garapen-araudi estatalean ere).
AMALen 18. eta 14.4. artikuluak, mendekotasun-egoeran dauden pertsonen zaintzaileen Gizarte Segurantza arautzen duen Errege Dekretuaren 1. artikulua eta 25/1009 Foru Dekretuaren 14. d) artikulua batera interpretatuz gero, ondorioztatzen da laguntza pertsonalerako prestazio ekonomikoaren baliabidea soilik debekatuko zitzaiela mendekotasun-egoeran dagoen pertsonarekin bizi diren senideei (hirugarren ahaidetasun-mailaraino), kasu horretan, FIZPE soilik jasotzea egokitu baitzitzaien. Hori ez zen eskuartean genuen ustezko kasua.
Kontratatutako pertsona mendekotasun-egoeran zegoen pertsona bat zaintzeko zen. Nabardura hori bereziki hartu behar zen kontuan, arreta mota horretan ezinbestekoa baita kontratatutako pertsonarekin ahalik eta konfiantza handiena izatea. Interesdunak eta bere senarrak pentsatu zuten senarraren arreba zela pertsonarik egokiena eta laguntza pertsonalerako lanak egiteko berme handienak ematen zizkiena. Pertsona hori ez zen mendekotasun-egoeran zegoen pertsonarekin batera bizi, eta horrenbestez, ez zen egokia familia-ingurunean zainketak emateko prestazio bat jasotzea.
Gure ustez, senidea izateak ez luke eragotzi behar pertsona batek laguntzaile pertsonalaren jarduera profesionala egitea, eta era berean, ez luke eragin behar jarduera hori egiteko duen gaitasuna eta egokitasuna gutxiestea ere. Gure ustez, egokiena izango litzateke, kasu bakoitzean, langileak eskatzen diren betekizun profesionalak betetzen dituen eta jarduera edo lanbidea betetzeko prestatzeko duen egiaztatzea. Kontratatutako pertsona ahaideak izateak ez digu iuris et de iure pentsarazi behar ez dela soldatapeko profesional bat.
Ez dugu ulertzen zergatik baztertzen diren araua horren aplikazio subjektibotik laugarren ahaidetasun-mailara arteko senideak. Bazterketa horren azpian egon daiteke berez jarduera profesionala betetzen ez duten senideek gehiegikeriak edo iruzurrak egiteko beldurra. Gure ustez, egokia eta komenigarria da Administrazioak iruzurra eragoztea eta iruzurra jazartzen duten mekanismoak sustatzea. Hala ere, ikusten den bezala, iuris tantum uste bat da; hau da, soldatapeko pertsona langile gisa enplegatua izatea ziurtatzen duten zenbait betekizun betetzea eta izatea batez ere oinarri izango lituzkeen aurka proba onartzen du. Baldintza hauei buruz ari gara, besteak beste, enplegatuarekin ez bizitzea, enplegatuaren kargura ez egotea, Gizarte Segurantzak dagokion erregimenean alta emanda egotea eta kuoten ordainketa egunean izatea, eta lan-kontratu bat izatea. Baldintza horiek guztiak kasu horretan ematen ziren.
[77] Haurren eskubideei buruzko Hitzarmena
2. artikulua
"Estatu alderdiek konbentzio honetan adierazitako eskubideak errespetatuko dituzte, eta ziurtatuko dute konbentzio hau aplikatzen zaiela euren jurisdikzioaren mende dauden haurrei, inolako bereizketarik gabe, haurren, gurasoen nahiz euren lege-ordezkarien arraza, larru-kolorea, sexua, hizkuntza, erlijioa, politikako edo bestelako iritzia, jatorri nazionala, jatorri etnikoa edo gizarte-jatorria, ekonomia-maila, ezintasun fisikoak, jaiotza edo beste edozein ezaugarri dela bide".23.1. artikulua:
"Estatu alderdiek aitortzen dute ezintasun mentala edo fisikoa duten haurrek izan beharko dutela bizitza bete-betea eta egokia, baldintza jakin batzuetan, duintasuna ziurtatuko dietenak, beraien kabuz baliatzea ahalbidetuko dietenak eta haurrek komunitatean modu aktiboan parte hartzea ahalbidetuko dutenak.
Estatu alderdiek aitortzen dute ezintasuna duten haurren eskubidea arreta bereziak izateko, eta bultzatu eta ziurtatuko dute, eskuragarri dituzten baliabide guztiekin, zein baldintza ezarri eta baldintza horiek betetzen dituzten haurrei eta haur horiek zaintzeko ardura dutenei laguntza ematea, hala eskatu beharko dena, eta bat etorri beharko dena, haurren egoerarekin eta gurasoen edo haur horiek zaintzen dituzten pertsonen inguruabarrekin.
Ezintasuna duten haurren beharrizan berezien arabera, artikulu honetako 2. paragrafoarekin bat etorriz ematen den laguntza dohainekoa izango da, ahal den guztietan, kontuan harturik gurasoen edo haurrak zaintzen dituzten beste pertsonen egoera ekonomikoa; laguntza hori bideratuko da ezintasuna duten haurrek modu eragingarrian eskura izan ditzaten hezkuntza, gaitasuna, osasun-zerbitzuak, birgaikuntza-zerbitzuak, enplegurako prestakuntza eta aisialdirako aukerak, eta zerbitzu horiek jaso ditzaten, haurrek gizarteratzea eta banakako garapena erdiesteko, bai eta euren kultura- eta espiritu-garapena ahalik eta gehien erdiesteko ere".
[78] Atzerritarrek Espainian dituzten eskubideei eta zereginei eta beren gizarteratzeari buruzko Lege Organikoaren 1.3. artikulua:
"Erregimen komunitarioko arauek, eta haientzat aldekoagoak izan daitezkeen alderdietan Lege honek, zuzenduko dituzte Europar Batasuneko estatu kideetako nazionalak eta erregimen komunitarioa aplikatzen zaienak.
[79] 240/2007 Errege Dekretua, otsailaren 16koa, Europako Espazio Ekonomikoari buruzko Ituna sinatu duten beste estatu batzuetako herritarrak Espainian sartzeari, askatasunez joan-etorrian ibiltzeari eta bizitzeari buruzkoa.
[80] 3. artikulua:
(…)
"2. Era berean, errege-dekretu honen aplikazio-esparruan sartutako pertsonak, kargura bizi diren hogeita bat urte baino gehiago ondorengoak eta errege dekretu honen 2.d) artikuluan jasotako arbasoek izan ezik, edozein jarduera izateko eskubidea dute, besteren kontura edo norberaren kontura, zerbitzuak ematen edo ikasten, Espainiako biztanleriaren baldintza beretan, Europako Komunitatea Eratzeko Itunaren 39.4. artikuluan ezarritako mugari kalterik egin gabe.
Kargura dagoen senidearen egoera ez da aldatuko, baldin eta kargura dagoen senideak lortutako diru-sarrerak bere mantenurako ez direla ziurtatzen duen lan-jarduera bat egiten badu, urteko zenbaketan hiru hilabete baino gehiagoko iraupena ez duten eta lan-merkatuan lanbide gisa jarraipenik ez duen lanaldi osoko lan-kontratu bat badu, edo lanaldi partzialeko lan bat egiten badu, ordainketa mantenurako beharrezkoa ez izanik.
Kargura dagoen senidearen egoera bukatuz gero eta Europar Batasuneko biztanlearen senide izateari aldi baterako utziz gero, 4/2000 Lege Organikoaren Erregelamenduaren 96.5. artikulua aplikatuko litzateke.
(…)
4. Espainian bizi diren Europar Batasuneko biztanle guztiek, errege-dekretu honetan xedatutakoarekin bat, tratu-berdintasuna izango dute espainiarrekin, Europako Komunitatea Eratzeko Ituna aplikatzeko esparruan. Eskubide horren ondorioak Europar Batasuneko estatu kide bateko edo Europako Espazio Ekonomikoari buruzko Itunaren kide diren estatu bateko nazionalitatea ez duten familiako kideengana hedatuko da, bizileku eskubidearen edo behin betiko bizileku-eskubidearen onuradunak".
[81] 45. artikulua (antzinako 39. artikulua TCE):
"1. Langileen zirkulazio askea ziurtatuta geratuko da Batasunaren barruan.
2. Zirkulazio askeak berekin ekarriko du estatu kideetako langileen artean nazionalitate-zioengatiko diskriminazioak indargabetzea, enpleguari, ordainketari eta beste lan-baldintzei dagokienez.
3. Ordena publikoko, segurtasuneko eta osasun publikoko arrazoiengatik justifikatutako mugei kalterik egin gabe, langileen zirkulazio askeak eskubide hauek ekarriko ditu berekin:
a) lan-eskaintza eraginkorrei erantzutekoa;
b) xede horretarako estatu kideen lurraldeetan lekualdatzekoa;
c) estatu kideetako batean bizitzekoa, bertan lan egiteko, langile nazionalen enpleguari aplika dakizkiokeen xedapen legalak, erregelamenduzkoak eta administratiboak kontuan hartuta.
d) estatu kide baten lurraldean egotekoa, bertan lan egin ondoren, Batzordeak ezarritako erregelamenduetan aurreikusitako baldintzetan".
[82] Petra von Chamier-Glisczinskik Krankenkasseren aurka egindako kasua, 2009ko uztailaren 16ko epaia.
[83] 1408/71 Erregelamendua. 19. artikulua. Estatu eskumenduna ez den estatu kide batean bizitzea:
"1. Besteren konturako langileak edo bere kontura lan egiten duenak, estatu eskumenduna ez den estatu kide baten lurraldean bizi denak eta estatu eskumendunak prestazioak eskuratzeko eskubidea izateko eskatzen dituen baldintzak betetzen dituenak, bere kasuan 18. artikuluaren xedapenak kontuan izanda, bizileku duen estatuan hau izango du.
a) Erakunde eskumendunaren kontura bizilekuko erakundeak gauzaz emandako prestazioak, erakundeak aplikatzen duen legediaren xedapenen arabera eta bertara afiliatuta egongo balitz bezala.
b) Erakunde eskumendunak emandako prestazioak dirutan, erakundeak aplikatzen duen legediaren xedapenen arabera. Hala ere, erakunde eskumendunaren eta bizilekua duen erakundearen artean aurretik hitzarmena egin ondoren, azken erakunde horrek eman ahal izango ditu prestazioak, lehenengoaren kontura, estatu eskumendunaren legediaren xedapenen arabera.
2. 1. ataleko xedapenak analogiaz aplikatu ahal izango dira estatu eskumenduna ez den estatu kide baten lurraldean bizi diren familiako kideei, bizi diren Estatuko legediari jarraiki prestazio horiek eskuratzeko eskubidea ez badute.
Baldin eta familiako kideak estatu kide batean biziko balira, non gauzazko prestazioen eskubidea aseguru- edo enplegu-baldintzen mendean ez dagoena, emango zaizkien gauzazko prestazioak besteren konturako edo bere konturako langilea afiliatuta dagoen erakundearen konturakoak izango dira, seme-alaben zaintza duen pertsonak edo ezkontideak estatu kide horretan jarduera profesional bat egiten duenean izan ezik".